Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara

Patrimonio - Arquitectura civil - Okondo

Erdi Aroko dorretxeen elementuak dituzten jauregi barrokoak eta landa-etxeak aurki daitezke Okondon. Aipagarriak dira XVIII. mendean eraikitako landa-etxeak. Auzoei dagokienez, hauek dira eraikuntza aipagarrienak: Iruleta auzoan Iruleta baserria zegoen. Sute baten ondorioz suntsituta geratu zen. Oso bao interesgarriak zituen, aitoren etxe batetik ekarriak, ziurrenik, Ospín de Urquijo dorretik, 1772 urtean enkantean ateratakoa.

Basualdon harri-hormazko baserri tipikoak aurki daitezke. Baserri horiek bao eta ertz harlanduak, ateburua duen ateak, ate gaineko egurrezko balkoiak eta leiho laukizuzenak izaten dituzte. Teilatuak hiru edo lau isurbidekoak izaten dira.

Gomestegi baserriaren teilatuko hegalak deigarriak dira oso. Bi isurialdekoa da teilatua eta egurrezko lau jabaloik edo besok eusten diote.

Arenalen Mendietarren jauretxea dugu. Euskal landa-jauregi tipikoa da, XVIII. mendekoa. Oinplano laukizuzena du, eta beheko solairua, solairu nagusia eta ganbara ditu. Harri-hormaz egina dago, eta ongi landutako harlanduzko lana du baoetan, eskantzuetan, beheko solairua eta lehenengoa bereizten dituen inposta-lerroan, balkoiaren mentsuletan eta erlaitzetan. Hiru ardatz bertikal ditu eta horietan daude baoak erregulartasunez ezarrita. Erdiko ardatza da aipagarriena; izan ere, oso sarbide zabala, eta balkoi eta arrapala-lehoidun armarri dotoreak ditu. Balkoiaren forjatutako burdin lana eta leihoetako burdinsareak ere aipagarriak dira.

Arenaleko gainerako eraikinak XIX. eta XX. mendekoak dira: Ikastola, Benito Etxea eta estilo erregionalistako txaleta.

Irabien auzoko El Puente etxetzarra XVIII.-XIX. mendeko oinetxe da. Oinplano karratua du eta hiru altuera. Harri-hormaz egina dago, harlanduzko lana erabili da baoetako markoetan eta eskantzuetan. Fatxada simetrikoa da atari-balkoi-armarri ardatzetik gora eta hutsarteak modu orekatuan daude banatut

Olabarrieta baserriak Euskal Herriko landa-eraikuntzaren ereduak ditugu. Zaharrena XVII.-XVIII. mendekoa da, harri-hormaz egina eta egurrezko eta pinoi irekizko egitura oso interesgarria du. Bigarrena, berriz, XVIII.-XIX. mendekoa da. Egurrezko bi balkoi ditu fatxadan. Bata sinplea, eta bestea, goikoa, jarraitua. Bigarren balkoi horrek fatxada osoa hartzen du. Biek dituzte bi isurialdeko teilatu zabalak.

Izalde ibaitik hurbil daude Olabeaga eta Onzabetxe baserriak. Harri-hormazko eraikuntza sendoak dira. Harlanduzko lana dute baoetan eta eskantzuetan. Hiru solairukoak dira biak. Fatxadan modu orekatuan daude banatuta bao laukizuzenak. Teilatuak lau isurialdekoak dira.

Behealdeko Gaztiartu baserria, Gaztiartu dorrea zegoen lekuan eraiki zuten. Dorrea XV. mendearen bigarren erdialdean altxa zuten. Orubea Barretxegurendarrena zen. Dorretxe horren aztarna ere badugu baserrian: arku konopialeko leihoa.

Malkuartu auzoan dago XVIII. mendeko Aguirre baserria. Bi isurialdeko teilatua du, egurrezko egitura eta ganbara goratua.

Eguia baserria oinplano karratukoa da, harri-hormazkoa eta hiru solairukoa. Baoak modu orekatuan daude banatuta. Lau isurialdeko teilatua dauka.

Aspuru baserria XVII. eta XVIII. mendeko eraikuntza xumea da, harri-hormazkoa eta egur egiturazkoa. Bi isurialde ditu teilatuak eta horietako bat luzatu egiten da eta gune estalia sortzen du.

Olariaga baserria, hau ere Malkuartukoa, hiru solairuko eraikuntza tipikoa dugu, harri-hormazkoa eta baoetan harlanduzko lanekoa. Inskripzio bat dauka eta bertan eraiki zuten urteari buruzko erreferentzia egiten da, 1783ari buruz hain zuzen ere.

Zudibiarte auzoan dago XV. mendeko Zudubiarte dorrea. Oinplano karratua du, eta oso bao gutxi ditu altxaeretan. Altxaerak oso txikiak eta itxura bat baino gehiagokoak dira: saietera, arku konopialekoak, arku beheratukoak eta ateburudunak. Fatxadan apaindutako bi moldadura ikus daitezke. Kanpoaldeko patiotik lehengo solairura irits daiteke oraindik ere. Inguruan izen bereko zubia dago, eta dorreko jauntxoek kontrolatzen zuten zubia, inolako zalantzarik gabe. Gaur egungo zubia XVIII. mendekoa da, Okondoko beste zubi batzuk bezalaxe.

Aretxagan Eskalza baserria dugu. Oso zaharra da, XVII.-XVIII. mendeetakoa. Fatxadaren goialdean egurrezko egitura du eta beheko solairua harri-hormazkoa da. Hegatza oso goratua da, eta bi isurialdeko teilatua du.

Aretxaga jauretxea XVIII.-XIX. mendeetako eraikuntza da, eta eskualdeko beste jauretxe batzuk bezalaxe, beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Hiru ardatzetan banatzen dira bao laukizuzenak. Erdiko ardatzean harlanduzko lan dotoreko ataria, forjazko balkoia eta armarria daude. Goialdean hegatz goratua dago, zizelkatutako zuburuak dituena, eta lau isurialdeko teilatua.

Izaga baserria Okondoko nabarmenena dugu -zaharra eta ederra benetan-, XVII. eta XVIII. mendeetako landa-arkitekturaren eredu. Beheko solairua harri-hormazkoa da eta gainerakoek egurrezko egitura dute. Aipagarriak dira harlanduzko laneko hesidun eskantzuak. Eskantzu horiek eraiki ziren ganbara goratuari eta eskuinaldeko hesiko armarriari eusteko. Fatxadan hainbat alturatako hegalkiak aurkitzen dira. Garaiko beste baserri batzuen antzera, bi isurialdeko teilatua du.

San Román auzoan aipagarriak dira Aspuru baserriak, XVIII. mendean garatutako bi joeretakoak. Batak bi isurialdeko teilatua du, gogorgune irtenean teilatu hegala eta fatxada erdian balkoi irtena. Bestea, berriz, oinplano karratukoa da. Lau isurialdeko teilatua du, harri hormazkoa, eta harlanduzko lana baoetan eta eskantzuetan. Azken baserri horrek bao bateko harlanduan eraikuntzaren urtearen berri ematen duen inskripzioa du: 1739.

XIX. mendean eraikitako Arana baserria -handia bera- hiru solairukoa da eta leiho laukizuzenak dauzka, hegalkietan ongi banatuak.

Helbidea
Zudubiarte, 2
01409 · Okondo
Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara
Faxa
+34 945 89 82 06