Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara

AURKEZPENA

Udal Artxiboa Okondoko Udalak bere ahalmenak erabiliz eta orain arteko kudeaketan ekoitzitako dokumentuen multzo organikoa da.

Udal Artxiboaren xede nagusia da Udalak ekoitzitako eta jasotako dokumentuak biltzea, antolatzea, zaintzea eta zabaltzea, honako helburu hauekin:

  • Udaleko sail guztien administrazio-kudeaketan laguntzea.
  • Herritarrei zerbitzu bikoitza ematea: haien eskubideak dokumentuen bidez aditzera ematea eta ikerketa historikoa bultzatzea.

Dokumentuen multzo organiko honen kronologia XVI. mendean hasi zen, 1553. urtean hain zuzen ere; dokumenturik berrienak, berriz, 2014koak dira.

ZERBITZU NAGUSIAK

  • Udal Artxiboan gordetako dokumentu guztien kontsulta.
  • Dokumentazio informatibo eta osagarriaren eta artxiboaren dokumentuen kopiak lortzea erraztea.
  • Udaleko kudeaketako eta bulegoko artxiboen antolaketarako aholkularitza

UDAL ARTXIBOKO DOKUMENTUEN KONTSULTA

Presentziala

Edozein herritarrek du eskubidea Udal Artxiboan gordetako dokumentuak kontsultatzeko, legeak ezarritako eta kontserbazio-egoeratik eratorritako mugekin, besterik gabe.

Dokumentuen kontsulta

Kontsulta daitezkeen dokumentuak Sailkapen Taulan daude jasota.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eskaera (Udal Artxiboan eskura daiteke).

Unibertsitateko ikertzaile eta ikasleak:
Ikastetxeko, unibertsitate-eskolako edo unibertsitateko aurkezpen-gutuna (gauzatzen den ikerketa zehaztu behar da).

Unibertsitatetik kanpoko ikertzaileak:
Ikerketari buruzko idatzi arrazoitua (Udal Artxiboan eskura daiteke).

DOKUMENTUEN KOPIAK ESKURATZEA

Ordainketaren zenbatekoa:

Kopiak eskuratzeko zenbatekoa kontsultarako xedatutakoaren eta udal-ordenantzetan jasotako tasen ordainketaren araberakoa izango da.

ORDUTEGIA ETA HARREMANETARAKO DATUAK

Ordutegia :

Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, aldez aurretik hitzordua jarrita.

Harremanetarako:

Zudibiarte auzoa, 2 (OKONDO)
Tel.: 945 89 80 23 Faxa: 945 89 82 06

Udal Artxiboak Okondoko memoria gordetzen du

Okondoko harana Aiarako jaurerriaren parte izan da Iñigo Sanchezi 1020. urtean eman zitzaionetik; ondoren, 1349an, Fernán Pérez de Ayalak Leonor de Guzmáni erosi zion. (Erref.: Perdomo, 248 zk., 272.or).

Fernando Pérez jaunak Laudio, Orozko eta Okondoko haranetako Leonor de Guzmán andreari egindako erosketa horrek eztabaida handiak piztu zituen, eta sakonki aztertu zen; izan ere, herri interesdunek zenbait auzi bideratu zituzten Aiarako etxearen eta haren oinordekoen kontra. /Erref. Ramírez Olana, E. eta González de Echávarri, V.

Okondok, haran gisa, zenbait gorabehera izan zituen mendeetan. XVI. mendean, Bizkaiko Jaurerriak, Gaztelako Komunitateen Gerra aprobetxatuz, aginduak desobeditzeko eskatu zien Aiarako jaunaren menpekoei (Laudio, Orozko, Okondo), hura Gaztelako Komunitateen jarraitzailea zela eta. Halaber, eskatu zien Gaztelako koroari atxikitzeko, Bizkaiko jaurerrira lotuta, beren foruez goza zezaten, antzina bezala.

Eskauriatzako Batzordeak, 1816ko uztailaren 14an, Bizkaiko Jaurerriko diputazioak bidalitako idatzi bat jorratu zuen. Idatzian, Bizkaiko jaurerriak eskatu zuen berekin bat egin zezatela Okondok, Laudiok eta Luiaondok, Orozkoko Haranak egin zuen bezala; izan ere, zioenez, denek arrazoi berberak zituzten eta Jaurerriaren parte izan ziren. Batzordeak Ignacio de Zuricalday errejidorea ordezkari izendatu zuen, Laudiok eta Luiaondok eskaera horren inguruan zer iritzi zuten azter zezan. [Udal-artxiboa, sig. 008/0001 ].

1843ko maiatzaren 13ko Errege Aginduaren bidez xedatu zen Urduña hiria Arabari atxikiko zitzaiola, eta Laudio eta Okondoko haranak, berriz, Bizkaiari. Araba eta Bizkaiko agintari probintzialak ez zeuden ados, eta agindua baliogabetzen saiatu ziren. Horiek horrela, urte bereko uztailaren 22an, Okondoko Udalak Arabako probintziako diputazioaren ofizio bat jaso zuen, zeinak Bizkaiko probintziako gobernu-batzordearen ebazpenaren berri eman baitzuen. Bertan eskatzen zen Urduña Bizkaira eta Laudio eta Okondo Arabara itzultzeko. Handik bi egunera, uztailaren 24an, Arabako Goi Mailako Gobernu Politikoak idatzi bat egin zuen, Okondo eta Laudio Arabara eta Urduña Bizkaira buelta zitezela agintzeko. Okondoko herritarrak Eskauriatzako Batzordean bildu zen uztailaren 25ean, eta erabaki zuten azken agindu hori errespetatzea baina ez betetzea, maiatzaren 13ko Errege Aginduaren kontrakoa baitzen. Azkenean, urte bereko irailaren 12an, Okondoko Udalak Gobernuaren behin betiko dekretua jaso zuen; bertan xedatzen zen aipatu herriak aginduen aurreko egoerara itzultzeko, hau da, Urduña Bizkaira eta Laudio eta Okondoko haranak Arabara. [Udal-artxiboa, sig.163/008]. Hortaz, 1843ko epe labur batez, Okondo Bizkaiari atxikia egon zen ofizialki.

Egun, Okondo Arabako udalerria da eta Aiara Eskualdean dago. 2015eko abenduaren 31n 1.171 bizilagun zituen, eta hainbat jarduera biltzen dituzten industrialdeak daude herrian.

2005ean hasi ziren dokumentuak Udal Artxiboan gordetzen, Aiara Eskualdeak Mankomunitateko Artxibo Zerbitzua sortu zuenean. Ordutik aurrera, tradizioz udaletxeko beste gela batzuetan gordetzen ziren dokumentuak Udal Artxibora lekualdatzen hasi ziren, han antolatu, sailkatu eta deskribatzeko, eta, horrela, hasiera eman zitzaion Okondoko Udal Artxiboari.

Edozein herritarrek eskura ditzakete dokumentuak

Ia dokumentu guztiek dute sarbide librea, horien ekoizlea erakunde publikoa dela aintzat hartuta. Hala ere, lege-aginduei jarraikiz, datu pertsonalak beti babesten dira. Bestalde, sarbide mugatuko dokumentuak ere badaude.

Dokumentu guztiak dira garrantzitsuak udalerriko bizitza ezagutzeko eta hemengo historia eta edukia aztertzeko.

Adin nagusiko herritar guztiek eskura ditzakete Artxiboko dokumentuak, betiere dokumentuetan jasotako administrazio-prozeduren alde interesduna badira edo daturen baten beharra edo aztertzeko nahia badute.

Arestian aipatu denez, legezko neurriak daude datu pertsonalak dituzten dokumentuetarako sarbidea babesteko. Halaber, zenbait aholku ematen dira, dokumentu historikoak honda ez daitezen eta seguru egon daitezen.

Helbidea
Zudubiarte, 2
01409 · Okondo
Telefonoa
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera:
9:00etatik 14:00etara
Faxa
+34 945 89 82 06